XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txinako Gobernuak Taiwanekiko politika gogortu egingo duela iragarri du Li Pengek

Pekinek ez du baztertu ekintza independentisten aurkako eskuhartze militarrik

Txinako Gobernuak oraindik gehiago areagotu du Pekin eta Taiwanen arteko krisia.

Atzo Li Peng lehen ministroak Taiwanekiko politika gogortu egingo duela iragarri zuen eta ez zuen Armadaren eskuhartzea baztertu, euren buruzagien ekintza independentistek aurrera jarraitzen baldin badute.

Agentziak / Pekin

JOAN ZEN ASTEAN Pekinek ukatu egin zuen Taiwani erasotzeko ezkutuko plan bat egina zuela, baina atzo Li Pengek egindako adierazpenen arabera, dagoeneko Taiwan inbaditzeko planen bat edo batzuk eginak dituztela antzeman daiteke.

Pekingo Herriaren Jauregi Handian emandako diskurtsoak egin zuen iragarpen hori Txinako lehen ministroak, Jiang Zemin lehendakariak 1995ean Taiwani egin zion bateratzeko eskaintzaren urtemugan.

Zeminek zortzi puntu barneratu zituen bateratze eskaintzan.

Dirudienez, ordea, lehendakaria ez zen egon Taiwani egindako bateratze eskaintzaren lehen urtemugaren ospakizunean.

Li Peng buruzagi txinatarren artean gogorrenen taldeko buruzagitzat jotzen dute, eta bere diskurtsoak ez zion negoziazioari biderik ireki.

Jiang Zeminek duela urtebete egindako eskaintzarekin alderatuz, erabat desberdina izan zen Lirena, iazko eskaintza olibondo adar baten eskaintzatzat? jo izan baitzuten.

Izan ere, Taiwani indar armatuak gordetzeko aukera eman zioten eta hitz eman zioten Txinak ez zuela Armada hara bidaliko bateratzea gertatu eta gero ere.

Martxoan hauteskundeak Taiwanen

Martxoaren 23an egingo diren Lehendakaritzarako hauteskundeak inguratzen ari diren heinean, gero eta zalantza handiagoak daude Txinak hartuko dituen neurriei buruz, baldin eta berriro Li Teng Hui lehendakari hautatzen baldin badute.

Ia ziurtzat jotzen da Taiwanen Li Teng Hui berriz aukeratuko dutela.

Pekinek lehendakari taiwandarrari bi Txina edo Txina bat eta Taiwan bat osatu nahia leporatu dio eta duela 46 urtetik hona Gobernu nazionalista txinatarraren egoitza izan den uhartea independizatzeko saio sekretua izatea.

Taiwan eta Txinaren arteko banaketa osoa bultzatzen duten buruzagi politikoei eta politika horrekin bat egiten duten nazioarteko indarrei zuzenduta dago Li Pengek atzoko diskurtsoan egindako oharra.

Lik gaineratu zuenez, Txinako Gobernua eta herria gogor borrokatuko dira Txinako barne arazoetan esku hartzeko Taiwanen auzia aitzakiatzat hartuta gure herriaren aurkako edozein potentziaren aurka.